XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egunero bezala, Puntakaxkar zapata, bere nagusi Euxebio eskalearen hanka zabal eta usaintsua inguratuz zihoan.

Egun hartan, Alde Zaharrean eskatzeko asmo zeukaten.

Baina... oh!... ez!!! Betiko oinetako saltsero eta harroputzarekin topo egin behar: Barrularru.

Nagusia ere horrelakoa zen eta Euxebiok, Martinekin (hau zen bere izena), hitz egiten zuen bitartean, Barrularru-k, lokarriak askatu eta mingaina atera zion Puntakaxkar-i.

Ezin zen jasan, zapaltzeko gogoa ematen zion, baina ez, Puntakaxkar-ek begirada txar bat bota eta kitto.

Agurra ere betikoa izan zen; batak besteari begirada kolpez kendu eta bakoitza bere aldetik joan zen.

Baina auzoko zapata guztiak ez ziren berdinak.

Bazen bat Puntakaxkar-en oso lagun ona zena eta bere izena Ziztrinplotz zen.

- Kaixo lagun, zer moduz? Asko ibili al zarete?

- Bai. erantzun zion Ziztrinplotz-ek.

Goizeko zazpietatik ehun eta berrogeita hamar kiloko Kaxildo zahar hau eraman ezinean nabil, medikuak ibiltzea ona dela osasunarentzat esan baitio.

Eta zulo bat egin dit zoruaren ertz batetan eta min handia ematen dit.

Ikusten dut zure puntaren zuloa ere gero eta handiagoa dela eta orain lau behatz ikuten zaizkizula hiru beharrean.

- Bai, zapata, bai. Oso beldurturik nago, halako batean zakarrontzira botako gaituzte.

Eta gero badakizu: erre egingo gaituzte eta hauts bihurtuko gara. Hau zoritxarra!!!

- Beno ba, laster arte Puntakaxkar.

- Bai, Ziztrinplotz, bai, gero arte.

Eguna bukatzera zihoanean, etxera joan baino lehen, beti bezala zakarrontzietan begiratu zuten zerbait aurkitzeko asmotan.

Eta bapatean, Euxebio oihuka hasi zen.

- Ehun eta berrogeita hamar mila pezeta!

Ehun eta berrogeita hamar!

Berriro ere beste trote bat, korrika Kaxildorengana.

Hau duk hau nekatzea!

- Begira zer aurkitu dudan zakarrontzian, Kaxildo: ehun eta berrogeita hamar!

Ehun eta berrogeita hamar dira!

Baina, lagun ona zarenez, erdia emango dizut esan zion Euxebiok.

- Entzun al duzu Ziztrinplotz? Orain bai botako gaituztela zakarretara beste berriago batzuk erosteko.

- Ixo, ixo. Entzun zer ari diren esaten.

- ...bai, egingo dugun lehen gauza, zapata hauek zapatariarengana eramatea izango da...

Zapatak ikaraturik zeuden, beraien ustez, min handia egingo zien zapatariak, eta agian, zulo gehiago egin.

Hurrengo goizean, Euxebio eta Kaxildok batera eraman zituzten beraien zapatak zapatariarengana.

Eta bi egun itxaron beharko zuten zapatak berriro jasotzeko.